Gaurkoan, Benito Lertxundi Oriotarraren bertsoak izango dituzue irakurgai eta bidioan entzungai. Benito 1942. urtean jaio zen Orion urtarrilaren 6an errege egunez.
Bertsoak Orioko balearen bertsoak dira. 1901eko maiatzaren 14an harrapatu zuten oriotarrek azken balea ospetsua. Bai. Baina, ordurako desagertuta zegoen balea-harrapaketa. Lanbidea bera zegoen desagertuta. Beraz, oriotarrek, balea ikusi zutenean, ez zekiten oso ondo nola harrapatu behar zuten.
Balea gaixorik zegoen, eta Orioko hondartzara hurbildu zen. Arrantzaleek arpoiak eta dinamita lortu, eta harrapatu egin zuten. Baina hori saltzeko merkaturik ez zegoenez, balea erakusteari ekin zioten. Turismorako ikuskizuna bihurtu zuten animaliaren gorpua. Azkenean, bazterrak astindu ondoren, mingainetik erauzitako olioa saltzea lortu zuten. Nekez lortu zuten balea behar bezala aprobetxatzea; berrogeita hamar urte lehenagotik zegoen merkatu hura itxita. Garai hartan ere anekdota bat izan zen balea. Eta Benitok gertakizun hori bertsoetara eraman zuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario